XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jendea, tresnarik gabe, gauza guti.

Baiña emozu jendeari tresna, eta jendea alxaturen zaitzu guziz beldurgarri.

Xina-ko tigre edo katamotzak badauzka hortz-atomikak.

Rusia-n, ilimili-klik, desegin da, tenor berean, Khrouxtxev jauna.

Denen nagusi zena, ez da gehiago jeus, ez.

Bazituen Khrouxtxev gizontoak hutsak lodi, baiñan ere ongiak ez guti.

Haren mutur biribil, irriak lau alderdietarat hanpatuak, gordetzen zituen zimurdikeria asko.

Bizkitartean oartua zen, Khrouxtxev, Xina-ri gogor atxikitxeko, alde batetik, behar zuela, berze aldetik, eztikiago jarri Amerika-rekin.

Bakearen adixkidea egina zuen, gerlaren zaukan izialdurak.

Xina-k bonba atomika ukanki, Khrouxtxev erhautsia, norat bagoazi?.

Gauak jaten ari du Tokio-k zarion gozoa.

Gudukan emanak dira Tokio-ko besta arramantza, eta Xina-Rusia-ko kraska itsutsi arrabotsa.

Aise litake jalgitzea, zintzurra luzatuz, herrak paldu behar duela amodioaren aitzinean; higuingarri dela Xina-Rusia -tik jalgi oihartzuna, eta gure goresnenak zor ditugula Tokio -ko gazteari.

Aise da holako solasen barreatzea.

Baiñan elhea, elhe.

Elhea khea bezain arin, zirimolakor, itsutsale.

Laket zaikigu gure toki zaharretan, gauzez goraki mintzatzea.

Alabainan jende ikusi eta ikasiak girela ezin ahants!.

Hobe ginuke lotzea lanari.

Bakearen sustatzaleak behar du indar, bakearen etsaieri, amor ez emaitekotz.

Egonez pirripili-parrapala, Europa-ko herriak, batzu berzetarik behexiak, batek ba erran orduko, berzeak ezetz, ez dezakegu lan handirik egin, bakearen xedetarat.

Tokio -ko gazteak goresten ahalko ditugu, emeiten bagira, Europako herriak, heien itzulian, heien zaintzeko ez uzkur; gai heien salbatzeko.

Bat den munduko gazteriak, galde egiten du gogo onezko gizonen mundu, bat egina, eta mundu bat eginerat helzeko, haren lehen maila, Europa, bat moldatua: bat burutik buru, ontasunez, arrangurez, nahiz eta xedez.

Olinpi, jokoen hiri ohantzea, ikusteko baizik ez da.

Harri kankaila, murru erhautsi, zabal-zabala dago, mendieri botatzen duelarik heiagora ezin agortua.

Kasailan ari ziren Grezia-ko hiriak.

Elgarrekin koropila gaiten Jaungoiko legearen zerbitzari, gazteak bezela, gazten aita eta ama, eta haurrideak, Olinpi dohakabearen ezinberzea, ez dadin bilhaka gurea, dauku oihu egin, besta miresgarriaren erditik, Tokio -ko hiriak.